XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Negoziaketok zapuztu zirenean, errua Gobernu espainiarrarena izan zen, kazeta honen aburuz, aurrera segitzeko borondate falta nabarmena erakutsi zuelako. Erakunde armatuak berriz bai du negoziatzeko borondatea. Ez, ordea, Espainiako Gobernuak.

Hala ikusi ditu gauzak egunkari honek urteotan. Negoziaketa saioak izan diren bakoitzean, AEIko alderdiek erakutsi duten jarrera oztopatzailea kritikatu du kazeta honek.

Deia egunkariak ere garrantzi handia eman dio beti auzi honi. Negoziazioaren inguruan bi jarrera agertu ditu. Hasiera batean, kontrako joera agertu baldin bazuen ere (ik. 1982an agertutako iritzi artikuluak ETAk legitimazio politikorik ez zuela argudiatuz), 1983tik aurrera jarrera hau zertxobait aldatzen joan da.

ETAk burutzen duten iharduera politikoa ez dela esan arren, negoziazio politikoaren aldeko apostua egiten du. Urte hauetan Deiak azpimarratzen du negoziazioa ez dela izan behar ETAren eta PSOEren artean bakarrik (orduan PNV kanpoan geldituko zelako, besteak beste). Egunkari honen iritziz, negoziatzeko gai direnak herriak aukeratu dituen erakunde demokratikoak dira.

AEI sinatu eta gero, gai honek garrantzi handia izaten jarraitzen du. Baina, beste egunkarietan gertatu den bezala, errepikatzen den leloa zera da: lehenengo armak utzi eta gero hitz egingo da. Zentzu horretan, ETAk legitimazio politikorik ez duela aldarrikatzen da behin eta berriz. 1988az geroztik, AEI erreferente etengabea da.

Aljer-ko mahaia zapuztu ondoren, honela titulatu zuen egunkari honek: Los partidos del bloque de Ajuria Enea llaman a la sociedad a no dejarse 'amilanar' y a seguir trabajando por la paz (89/IV/18)

El Correo Español- El Pueblo Vasco egunkariak gai honi garrantzi dexente eman badio ere, bere jarrera desberdina da. AEI sinatu aurretik, kazeta honen ustez, negoziaketa alderdi politikoen eta Madrilgo Gobernuaren artean gauzatu beharko litzateke, ETAk legitimazio politikorik ez duelako.

Erakunde armatuaren su-etenak ahuleziaren sintomatzat hartu izan ditu sarritan egunkari honek. Kazeta honentzat negoziazioa ez da inoiz ETA edo ENAMen lorpena izan.